Jose Maria Llavori Romatet (Zumaia 1955-08-07 / 2021-06-21)
"Josemari Llavori Gogoan” nire anaia Jose Mariri egindako omenaldi bat da, berak NATURARI, bere alderdi desberdinetan, 45 urte baino gehiago argazkiak ateratzen egindako lanaren adierazgarri modura jaso ditudanak oinarri hartuta, hain zuzen.
Guztiz autodidakta eran hasi zen argazkigintzan. Mendizale eta eskalatzaile bezala, bere bizitzako lehen etapan, munduko hainbat tokitara egiten zituen bidaietan kamera erabiltzearen beharraz jabetu zen, hainbeste maite zituen mendi handiei argazkiak ateratzeko, eta horrela, iristen zen gailur garaietatik moldatzea lortzen zituen irudi bikainak, familiari eta lagunei erakutsi ahal izateko.
Iberiar Penintsulako mendirik zailenak igo zituen, Pirinioak eta Alpeak. Perura bidaiatuta Aconcagua gailendu zuen. Afrikan, Zumaiako espedizio batekin igo zuen Kilimanjaro eta Madrilgo espedizio batekin Kenya Mendia, eta Asian aldiz, Pumori.
Denborarekin eskalatzeari utzi eta bere zaletasun nagusia bilakatuko zen naturari buruzko argazkigintzari heldu zion biziki, hegaztiei zegokionean bereziki. Extremadurako Serena eskualdean egin zuen bere obrarik zabalena, Manuel Calderon adiskide, anaia eta eguneroko bizimoduari zegokionetan bere lagun minaren eskutik. Eta nola ez, nekean ere bidelagun izan zuen, argazkigintzaren artean eta NATURA egoera garbienean mantentzearen ahaleginetan, lagunkide izan baitzuen.
Era berean, Manuel eta Josemariren lagun bera izan zuten Zaragozako Enrique Santos ere bereziki aipatu nahi nuke hemen, aztore, arrano txiki eta perdizerei, batez ere ganga eta ganga azpibeltzei buruzko irudi bikainak lortzeko aukera paregabea eskaini izanagatik.
Horrelakoxea zen nire anaia Josemari, argazki-abenturetako bere kide eta lagunekiko adierazten zuen zintzotasuna, esker ona eta begirunearengatik maitatua izan baitzen.
Zoritxarrez, erretiroa hartu berritan eta bere familiaz eta argazkigintzarako zuen grinaz gozatzeko bizitza osoa aurretik zuenean, ekainaren 21ean, hide baten barruan (hegaztiei argazkiak ateratzeko ezkutalekuan) gustatzen zitzaiona egiten ari zela, hainbeste maite zituen hegaztien modura, hegan, guregandik haratago joateko utzi egin gintuen.
Portfolio honekin nahi dudana da, urte hauetan guztietan argazkien bidez NATURAREKIKO zuen bere maitasuna transmititu zigulako batetik eta ingurumenari begirunea izaten irakatsi zigulako bestetik, artea eta ingurumenaren kontserbaziorako egin izan zuen lan guztia eskertzea.
Aldi berean, eskerrak eman nahi dizkiet Manuel Calderon, Oliver Perez eta Mario Suarezi portfolio hau osatzen duten espezie desberdinak identifkatzeko eman didaten laguntza guztiarengatik.
Bukatzeko, eta nire familia osoaren izenean eskerrak eman behar dizkizuet, bera ezagutu eta guretzat hain une latz eta hain une zail hauetan agertu diguzuen sentimendu eta sentiberatasunengatik.
Besarkada handi bat eta eskerrik asko!
Luis Fco. Llavori Romatet